XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Harritu nau Xabier Albistur diputatu jeltzalea bakarrik etorri izanak agur egitera, baina are gehiago Cossigaren segurtasunaz arduratu diren ertzainek eta bizkartzain italiarrek elkarri eskua emateak agurtzeko, hori guztia aireportuko zaintzaz arduratzen diren guardia zibilen aurrean.

Sekzioa ixten ari ginela, Europa Press agentziaren bidez PSE-EEk EAJri aurkeztutako dokumentuaren filtrazioa etorri da.

Leku bat egin badiogu ere, ez dugu eduki albistea lantzeko edo ondorio argirik ateratzeko behar beste denbora, baina aurkitutako titularra adierazgarria delakoan nago: PSE-EEk ez du onartzen balizko akordioek estatua konprometitu ahal izatea.

Filtrazioa PSE-EEren aldetik datorrela dirudi, eta filtratzeak berak adierazten du norbaitek ez duela interesik akordioan.

Filtrazioaren bidez itxura egin nahi du bere proposamenaren malgutasunaz.

Etxerako bidean, Radio Euskadiko Ganbara tertulian gai honetaz ari zirela entzun dut.

Zenbat buelta eman duten mamira iristeko, baina azkenean iritsi dira: PSE-EEk ez du onartzen euskal herritarrek erabakitzen dutena errespetatu beharra (horri betoa deitzen zaio!)

Bien bitartean, kasik aldi berean, Benito Lertxundik Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz eskainitako kontzertua zegoen Victoria Eugenia antzokian, Elkarlanean fundazioaren eta Egunkaria-ren eskutik.

Antolatzaileek gonbidatuta, Gipuzkoako politikari ezagun ugari elkartu dira Donostiako antzokian.

Kultur ekitaldi horri esker, argazki esanguratsu bat egin ahal izan du Egunkaria-ko argazkilari Edurne Kochek: Joseba Egibar eta Iñigo Iruin elkarri bostekoa ematen, Carlos Garaikoetxea oso urruti ez zegoela.

Umore ona nagusi.

Egoera berriaren erakusle gisa, Joseba Egibar eta Arnaldo Otegi txantxetan aritu dira datorren Aberri Egun bateratuan batak soinua joko duela eta besteak bertsotan kantatu, bertan zegoen Kike Ugarte zuzendariaren batutapean. Txantxa hutsa?